Mercedes Bogino Larrambebere soziologoak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatutako doktoretza-tesian aztergai izan du “ez-amatasunaren” esperientzia testuinguru soziokultural garaikideetan. Ikerketa feministetan ez bezala literatura akademikoan gutxi jorratutako gaia da, “ugaltzen ez diren pertsonak isilarazi eta gizartean balioa kendu zaielako genero- eta ahaidetasun-harremanetan”, haren esanetan. José María Uribe Oyarbide eta Paloma Fernández Rasines Soziologiako eta Gizarte Laneko Saileko irakasleek zuzendu dute doktoretza-tesia.
Egilearen arabera, Espainian hainbat aldaketa sozial eta demografiko gertatu dira azken bost hamarkadetan, “baby-boom”etik hasi (“amatasunaren goraipamena” zuen ezaugarri) “egiturazko, harremanetako eta gizarteko antzutasuna” ezaugarri duen egungo testuingururaino.
Bere doktoretza-tesian, ikertzaileak 35 elkarrizketa erdiegituratu egin dizkie zenbait zirkunstantzia direla-eta ama ez diren emakumeei, eta kontakizun bibliografiko horien azterketa osatu du ikus-entzunezko baliabide, kontakizun literario eta datu kuantitatiboen analisiarekin. Amatasuna “gure kulturan prestigioa duen figura gisa nagusitzen dela” eta “ama izan nahi ez duten edo ezin duten emakumeak osatugabetzat edo arrarotzat hartzen direla” dioen hipotesitik abiatuta, egileak ez-amatasun kontzeptuari esanahi berria ematea planteatzen du, “zeinak sexualitatearen, ugalketaren eta familiaren gizarte-antolamendua zalantzan jartzen duten ideia eta praktikak hartzen baititu kontuan”.
Egileak azaltzen duenez, bere tesiaren aurkikuntza nagusietako batek erakusten du ezen amatasunaren desirak, horrek dituen anbibalentziek eta ama izateko ez-desirak, bai eta “haurrak eduki beharrak” ere “ez-amatasunaren esperientzia” zeharkatzen dutela. Bestalde, ez-ugalketa dakarten erabakiak genero- eta ahaidetasun-arauei aurre egiten dieten autonomia-praktiketan edo praktika disruptiboetan gauzatzen dira. Lehenengoen artean daude estrategia antikontzeptiboak, abortuak egitea, erreprodukzio-bioteknologien arbuioa edo tratamendu horiei mugak jartzea. Bigarrenen artean daude berezko abortuak eta errepikapenezko abortuak, ugalketako bioteknologiekin huts egindako saiakerak eta bertan behera utzitako guraso bakarreko adopzio-prozesuak. Praktika disruptibo horiek amatasuna bilatzeko prozesuak dira, eta gizartean ukatuta dauden edo baimenik ez duten doluak egitea ekarri dute. “Protagonistek, onarpen- eta autoezagutza-prozesu baten ondoren, beren nortasuna birdefinitzen dute”, ziurtatu du Mercedes Boginok.
Ezkutuko desira, prestigio sozialaren galera eta erreferentzia berriak
Tesi honen ekarpen nabarmenen artean, bost ideia nagusi daude: amatasun-desira “ezkutuko desira” edo ez-desira gisa, eta “norberaren lekua” bilatzea; ez-amatasunak gizartean dituen trabak ez-prestigio gisa eta, batzuetan, prestigioaren galera gisa ulertua; amatasunaren nagusitasuna, zalantzan jartzen duten gizarte-praktika disruptiboetatik aldatua eta birpentsatua; ama sozialen zeregina, zeinek nahi diren edo eskuordetuak diren amatasun-praktikak beren gain hartzen baitituzte; eta, azkenik, erreferentzia berriak eraikitzea genero- eta ahaidetasun-harremanetan, bai eta hainbat bizitza-espaziotan ere.
Tesiaren egileak azaltzen duen bezala, bere ikerketan biltzen duen kontakizunetako batek “gogora ekartzen du ‘seme-alabak izateak’ gizartean leku bat ematen duela, eta ez-amatasunen biografiak, berriz, bazterretan geratzen direla eta leku propioa eraikitzeko erronkari aurre egin behar diotela”. “Kontakizunen berrikuspen bibliografikoaren eta analisi tematikoaren bidez, generoaren, ahaidetasunaren eta amatasunaren arteko lotura aztertzen da, ikerketaren testuinguru soziokulturalean ez-amatasunak adierazten duen ezleku soziala eta sinbolikoa ulertzeko”, azaldu du Mercedes Boginok.
Tesiaren etorkizuneko lan-ildoei dagokienez, honako hauek daude: familia-adopzioko eta -harrerako prozesuetan ama (edo aita) izateko "egokitasuna" definitzen eta baloratzen "jakintza adituak" duen zeregina; gizarte-iruditeriak eta "seme-alabarik gabe zahartzeko" praktikak; etxeko animaliekiko interakzioak eta jarrerak, "espezie arteko familiak" deiturikoak; eta indarkeria obstetrikoaren esperientzia abortu-praktiketan – borondatezkoak edo espontaneoak – eta amatasunaren bilaketan.
Mercedes Boginoren CV laburra
Mercedes Bogino Larrambebere soziologoa da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), eta espediente hoberenaren saria eman zioten han. Orobat Gizarte Lanean diplomaduna da unibertsitate berean. Kontatzen duenez, Nafarroako Gobernuaren, NUPen eta Espainiako Gobernuaren ikerketarako beken eta aldi baterako kontratuen sistema publikoari esker garatu da bere irakaskuntza- eta ikerketa-ibilbidea.
Generoko Diziplinarteko Ikasketen Unibertsitate Masterra lortu zuen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan (UAM). FPU bekadun gisa (Unibertsitateko Irakasleen Prestakuntza), ikerketa-egonaldiak egin zituen Parisko École des Hautes Études en Sciences Sociales (EHESS) erakundean eta Buenos Airesko Unibertsitateko (UBA) Genero Ikasketen Diziplinarteko Institutuan (IIEG).
2011tik 2021era bitartean, NUPeko Liburutegian egin zuen lan, eta datu-baseak, gida tematikoak eta kudeatzaile bibliografiako erabiltzen ikasi zuen han. Gurasotasun anizkoitzei, osasunari, generoari eta ahaidetasunari eta eztabaidagai diren amatasunei buruzko hainbat ikerketa-proiektutan parte hartu du. Komunikazioak aurkeztu ditu antropologiari, soziologiari eta genero-ikerketari buruz Espainian eta nazioartean egin diren kongresuetan. Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoko (UNAM) Zientzia eta Humanitateen Diziplinarteko Ikerketa Zentroari (CEIICH) lotutako doktoretza-ikasketetarako bikaintasunerako beka bat jaso zuen, Nafarroako Kutxa Fundazioak finantzatua eta Maya Aguiluz Ibarguenek gidatutako Kidegoaren Ikasketen Mintegiari (ESCUE) atxikia.
Egun, NUPeko Soziologiako eta Gizarte Laneko Saileko irakaslea da, eta I-COMMUNITAS institutuko (Institute for Advanced Social Research), Gizarte Antropologia Ikertzeko Taldeko (GIAS) eta AIBR Elkarteko (Sareko Antropologia Iberoamerikarra) kidea.
Haren argitalpenak Academica-e NUPen biltegi instituzionalean daude. Horien artean aipatzekoak dira: Impossible motherhood: From the desire for motherhood to non-motherhood (2023); Autonomía reproductiva frente a la biopolítica de la maternidad (2023); Maternidades en tensión. Entre la maternidad hegemónica, otras maternidades y no-maternidades (2020); Paradojas de género (2019); Relecturas de género: concepto normativo y categoría crítica (2017); No-maternidades: entre la distancia y la reciprocidad en las relaciones de parentesco (2016) edo Familias difusas y confusas (2016).